Babestu Euskal Eskola Publikoa

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Lakuntza 2024ko mai. 24a, 08:00

Datorren ekainaren 2an Euskal Eskola Publikoaren jaia ospatuko da Ordizian, eta Herriaren Eskubideak bertaratzeko deia egiten dizue irakurle eta durangar guztioi. Eskola Publikoa denona delako eta, denona den heinean, honek bakarrik ziurtatzen duelako gizarte justuago eta berdinzaleago baterako bidea.

Joan den astean Topaguneak –Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataformak– Durangon egin du bere azken bilera. Bertan Euskal Herriko hainbat sindikatu, guraso elkarte eta plataformak hezkuntza sistemaren egoera aztertu zuten, eta baita datozen hilabeteetarako erronkak zeintzuk diren zehaztu ere. Garrantzitsua da honelako talde batek Durango aukeratu izana. Izan ere, gure herrian hezkuntza pribatu-kontzertatuak inguruan baino pisu askoz handiagoa du, hala ikastetxe nola ikasle kopuruari dagokionez, eta horrek ez du Durango leku oso onean uzten. Aurrerakoia eta denontzako berdina beharko lukeen udalerriak klasista itxura ematen duelako. Etorkizunean eskola publikoak esparru gero eta zabalagoa eskuratu beharko luke gure eskualdean ere. Hori gertatzea geu guztion esku dago.

Honegatik guztiagatik, babestu dezagun Euskal Eskola Publikoa. Has gaitezen babesa erakusten Ordizian ekainaren 2an eta egin dezagun publikoaren aldeko benetako apustua matrikulazio garaian ere. Bete ditzagun ikastetxe publikoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!