Izotz beltza

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Lakuntza 2024ko urt. 12a, 08:52

Durangok izotz pista naturala izan du berriz ere 4 urteren ostean. Pandemia garaian ez genuen pistarik izan eta iaz lurzoru sintetikoaren aldeko apustua egin zen. Baina, hauteskudeen ostean, betiko leloaren betiko leloa.

Eta zelan justifikatu dute Gobernu Taldekoek izotz naturalaren itzulera? Betiko legez: ”Jende gehiago erakarriko du, kontsumoa handituko da eta herriko merkatarien irabaziek gora egingo dute. Beste behin ere, epe laburreko begirada eta pedagogia eza. Etengabe haztearen mantra ondo baino hobeto barneratua dute Durangoko EAJk eta PSEk. Ez dakit zer pentsatuko duen Teresa Ribera ministroak.

Hau da erakundeek egiten duten greenwashing edo zuriketa berdearen enegarren adibidea. Berdeago Azoka egiten denean irribarretsu eta planetaren etorkizunaz “konprometiturik” agertuko dira argazkian. Baliteke kamiseta berde bat aukeratzea argazkirako. Mugikortasunaren astean bizikleta gehiago erabili behar dugula esango diguten moduan. Ziur aski autoa erabiltzeagatik errieta paternalista egiten diguten bitartean. Koherenteen artean koherenteenak.

Aldaketa klimatikoa inoiz baino errealagoa den honetan; klima ozeanikotik mediterranearrerako bidean gauden unean bertan, izotz naturalaren aldeko apustua egiten du udalak. “Herritarrei ez zitzaien pista sintetikoa batere gustatzen!” Noski, denok dakigu askoz garrantzitsuagoa dela kapritxoak asetzea gizartearen beharrei erantzutea baino.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!