Ikusezina dena ikusarazi

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Lakuntza 2023ko aza. 17a, 08:52

Irisgarritasuna, askotan, eskubide bat definitzeko erabiltzen dugun hitza da, kontuan hartu gabe pertsona askorentzat premia bat dela eta, beraz, betebehar gisa hitz egin beharko genukeela. Hiri-inguruneetan irisgarritasun unibertsala eragozten duten oztopoek, praktikan, pertsona kopuru handi baten diskriminazioa eragiten dute; izan ere, pertsona horiek, modu iraunkorrean edo aldi baterako, mugaren bat dute beren mugikortasunean, eta horrek eragotzi egiten die hiri-espaziora iristea eta, ondorioz, gizarteratzearen onurak lortzea.

Muga horren adibide argia izan zen Durangoko San Fausto jaietan barraketarako prestatutako eremurako sarbidea. Ez da ulertzen udaleko gobernu-taldeak mugikortasun-arazo desberdinak kontuan hartu ez izana erdiguneko eta belaunaldien arteko eremu horretan mugitzeko. Egun gutxitan, gurpil-aulkian zeuden pertsonak, haurren orgatxoak, mugitzeko arazoak zituzten eta ez zituzten pertsona helduak, haurrak, nerabeak eta abar igaro ziren handik.Ez du ezertarako balio udalak esatea "akatsa" izan zela eta datorren urtean konponduko dela, hori adibide bat baino ez dela izan kontuan hartzen ez badu, eta horrelako egoerak urte osoan zehar gertatzen zaizkigula Durangon: Durangoko Azoka, inauteriak, larunbatetako azoka txikia, baimenik gabeko ezinduentzako aparkalekuak okupatzea, oinezkoen pasabide irisgarriak jartzea, oztoporik gabeko bozketa-kabinak erraztea hauteskunde-prozesuetan, etab. Ez du ezertarkako balio "akatsa" izan zela eta datorren urterako konponduko dela esateak, kudeatzeko eta antolatzeko orduan kontzientzia hartzen ez badugu eta ikusezina dena ikusarazten ez badugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!