Arriskua

Erabiltzailearen aurpegia Miren Erdoiza Mujika

Gaixorik zaude. Hogeita hamar urte beteta, zure herriko kaleetan barrena paseoan zabiltza. Broteak dituzu. Polizia atzetik daukazu. Beldurtuta zaude. Arriskuan.

Defendatzeko beharra sentitu duzu. Ez dira joan. Badatoz. Zuk ez duzu beraiek etortzerik nahi. Baina ez dira joan. Hor jarraitzen dute, zure bizkarrean. Ez zara zu, beldurrak jan zaitu. Edo bai, igual hori ere bazara. Berdin dio, egia esan. Arriskutsua zara eta arriskuan zaude.

Itxaron. Arriskutsua zara?

Hori dio poliziak. Hori dio poliziak zu akatu eta gero. Eskuak lotuta lurrera bota zaituzte. Ekainaren 22a da. Eguerdiko hirurak. Berrogei graduetatik hurbil. Erre egiten duen asfaltoan zauzkate. Aurpegia lurraren kontra zanpatuta daukazu. Laguntza eskatzen ari zara. Ez dizute kasurik egiten. Arriskutsua zara eta arriskuan zaude.

Non dago arriskua? Zazpi agenterengan. Zazpi gizon, bakarraren aurka lurrean kolpatzen. Taser pistola batean. Lurrean botata daukatenari hankak zapaltzen dizkion funtzionarioarengan. Ikarak jota laguntza eskean dagoenari deskarga elektrikoak ematen dizkion uniformedunarengan.

Lurrean jarraitzen duzu eta anbulantzia ez dator. Bi egun eman dituzu ospitalean larri. Hil egin zara. Hil egin zaituzte.

Nor da arriskutsua? Zein da animalia?

Piztiaz josita gaude eta gure artean bizi dira. Armatuta doazen poliziak, balkoietatik migratzaileei tiro egiten dieten faxistak. Beldurra sartu nahi digute arriskutsuak beraiek direnean.

Mehatxua da bokadillo bat edo janariz betetako karroa. Eskizofrenia daukan gaztea. Zaku berean daude migranteak eta gaixoak. Baztertuak, alboratuak, marginalak.

Hemen gaude, ordea. Santurtziko kaleetan, Egia auzoan. Ez gaituzue komisaria eta balkoi faxistetan aurkituko. Kalean bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!