Gure etxetik gurea ez den zezena dakusagu, eta gure etxean gureak (ere) diren bankuek epeltzen digute ipurdia. Gure etxean asetzen gara egarriz eta gosez gaudenean. Gure etxean itotzen ditugu penak eta ospatzen ditugu garaipenak.
Gure etxean izar gorriak ageri dira piztuta gauetan, eta zortzi argazki daude horman eskegita. Dago kafea noiznahi eta daude sekula dastatutako azeitunarik goxoenak. Gure etxean Landako bokata begetarianoa dago, eta Arripausueta klasiko
Gure etxean Alde Zaharra amaitzen da, eta hasten da Intxaurrondo. Gure etxean entzuten ditugu kanpaiak San Frantziskotik, eta entzuten ditugu Santa Anatik ere. Gure etxean elkar zainduz arriskutsuagoak garela ikasi dugu.
Gure etxean kantatzen dugu euskaraz eta dantzatzen dugu libre. Gure etxean besarkatu ditugu aspaldiko lagunak. Gure etxean udaberrian eguenero jai eguna izaten da, eta gure etxean ekaina ospatu egiten dugu.
Gure etxea kendu nahi izan digute grisek, urdinek eta berdeek, eta gu teilatura igo gara askatasunaren alde banderak astintzera. Gure etxean sortu dira ameslariak eta sortu dira borrokalariak. Gure etxean egunero akordatzen gara sekula itzuliko ez direnekin.
Gure etxea nire aitarena eta nire amarena da. Gure etxea zurea bezain nirea da. Izan zirenena eta izango direnena. Gure etxea Intxaurre da eta aurten berrogei urte bete ditu.