Oda bat udaberriari

Erabiltzailearen aurpegia Miren Erdoiza Mujika 2026ko martxoaren 13a

Inausitako arbolak loratzen dabiltza gurean. Arramak hostoz, lorez zein fruituz jantzita ikusi ditut aspaldian. Mizpiren sasoia apirilean omen da. Udaberrian heltzen den lehenengo fruituetako bat dela ikasi dut. Batzuek “edertasunaren fruitua” deitzen diote; antza, dituen ezaugarri eta propietateei aitortza egin nahian.

Negua joan da, eta mizpirekin batera helduko zaigu epela Intxaurreko harrizko bankuetara. Kafea izotzarekin eskatuko dugu. Luzatuko zaizkigu marianitotan bainatutako domekak. Jantziko ditugu sandaliak, eta jantziko dugu txubaskeroa. Biak egun berean. Amestuko dugu Abadiñon. Lokartuko gara leihoak zabalik. Erosiko ditugu landare berriak. Jango dugu izozkia. Dutxako grifoak urdinerantz egingo du gorrirantz baino apur bat gehiago. Galtzerdiak finagoak izango dira eta kamiseta ez dugu kuleroen azpitik jantziko. Lanetik bueltan eguzkiak lagunduko digu oraindik, eta Intxaurrondoko tirolina ez da bustita egongo. Doministikuka ibiliko da inor. Maiteminduta besteren bat. Bizikletako arroparen marka izango dute batzuek eta paparra erreko zaigu terrazan askori. Besapeak sarriago umelduko zaizkigu eta sudur azpia sikatzen hasiko gara pronto. 

Astebete falta da udaberrirako. Aste bi apirilerako. Aurten mizpirak probatuko ditut lehen aldiz. Kontatu didate gazi-gozoak direla. Mizpirek nola, udaberriak gazitik duen haina gozotik daukala esango nuke. Nahiaren eta ezinaren metafora bat. Eguraldi ona, baina oporrik ez. Egun epelak eta zaparradak. Dopamina eta antihistaminikoak. Nola dastatzen dira aurpegiko pekak? Eta siestak belartzan? Zein zapore du brisak itsasoari begira? Eta biserak begietan ematen digun atsedenak?

Gaziaren bandokook gozoari lekua egiteko sasoia da. Edertasunari gorazarre egitekoa. Mizpira gehiago eta kleenex gutxiago. Udaberri on denoi. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!