Zuloa

Erabiltzailearen aurpegia Miren Erdoiza Mujika 2026ko urtarrilaren 16a

Merina Grisek azken lanari Zuloa deitu dio, eta bertan, besteak beste, hutsuneari kantatzen diote donostiarrek. Urtea hasi berritan, metafora egokia iruditu zait barruko hutsuneari 'zulo' deitzea, eta Gabonetako zurrunbilotik ateratzen ari naizela, pentsatu dut neure baitan zenbati handitu ote zaion zuloa barruan. Pentsatu dut ere, akaso, egongo dela bi mila eta hogeitaseian zulo berriak zabaldu zaizkionik.

Zuloa goserik gabe eta irentsi ezinda, kanpaietako hamabi mahatsak jaten estaltzen dela uste duenik bada. Zuloak tapatzen dira loteria boletoekin, enpresa eta familia bazkarietara joanda, zigarroak erretzen. Xanpain eta gin-tonic gaindosiz estali duenik ere egongo da, edo txapligoak bota eta bota aritu izan denik. Auskalo. Brilli-brilli arropak azalaren barrutik dagoen zulorik estaltzen al du? Eta ditxosozko balaclavek? Zerk betetzen gaitu gehiago, 'Urte berri on' esateak ala entzuteak? 

Gabonetan gorputz osoak dardara egiten digu. Urte osoan erreparatu ez diogun zuloa betetzen dugu turroiarekin, mendiarekin edo popperrarekin. Gabonetan orfidalekin lo egiten jarraitzen dugu eta alarmarekin batera esnatzen gara, urte osoan zehar egin bako kilometroak egin behar direlako. Korrika. San Silvestrek urte guztiko penak estaltzen ditu. Keba, gezurra da. Gabonetan abuztua izatea desio dugu. Gabonetan langostinoak erosten ditugu. Eta esparragoak. Eta patea ere bai. Urdaiazpikoa, gazta, ardoa, opilak. Gabonetan kroketak egiten ditugu. Tartak, pudding-a eta lasagna. Gabonetan loditu egiten gara. Gabonetan lodituko garela pentsatzen dugu. Gabonetan lodituko garen beldurrez bizi gara. Gabonetan beldurrez bizi gara. Gabonetan ez dugu jaten. Gabonetan Kanariar Uharteak Dubai dira. Gabonetan Anbotora igotzea derrigorrezkoa da. Eta afari eta bazkaritara joatea ere bai. Eta bertso saioetara. Eta poteora. Berrehun eta hamazazpi poteo guztietara. Guzti-guztietara. Gibelak eztanda egin arte edan behar delako Gabonetan. Gabonetan tripako mina daukagu afalostean. Eta esnatzerakoan, eta bazkaldu eta gero, eta afaldu aurretik. Gabonetan tripako mina daukagu beti. Gabonetan opariak egin behar dira. Ez daukazun dirua gastatu behar duzu. Oparitu liburu bat, jostailu bat, patinete elektriko bat. Oparitu puzzle bat, bizikleta bat, tablet bat edo oparitu etxe bat. Baina oparitu zerbait. Gabonetan zuloa handitzen da, eta mundua bukatzen da, gutxienez, egunean bizpahiru aldiz. Gabonetan apur bat gehiago hiltzen gara.

Urtea hasi da eta neurria hartu ezinda jarraitzen dugu. Ez dakigu beste era batean bizitzen. Badaude estali ezin diren zuloak. Eta ez da ezer gertatzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!