Fandango bat osorik sekula dantzatu bakoa zara. Buruzuriak arrotzak zaizkizu eta ez dakizu alkandora gonaren azpitik edo gainetik janzten den. Baina zuk, eguazten arratsaldeetan dantzara zihoazen ikaskideak inbidiaz begiratzen zenituen horrek, ondotxo dakizu Don Omar, Shakira, Chayane eta Coyote Dax-en aurretik mugitzen zenuela ipurdia Txulalairekin Ikastolako plazan. Gorputzak memoria dauka eta zureak ondo oroitzen ditu garaiko melodiak. “Patxikotxu dantzari alaia” zela kantatzen zenuen umetan, eta Pantxike Txosnagunean ezagutu zenuen geroago.
Artopilak folklorea dira Durangon. Larrain dantza eta txistulariak ere bai. Baita Surrandiak, zapi urdinak eta erreka jaitsiera ere. Ez dugu geure burua engainatuko: barrakak eta karrozak folklorea dira gure herrian.
Itxurosa atera zara argazkietan. Garaiko andrak ez bezala, amantala garbi eta abarketak zuri-zuri. Lagunek ere jantzi dituzte haien jantzirik ederrenak. Garaiko gizonek ez bezala, esku leun eta garbiekin heldu dizu lagunak gerritik argazkiaren instantean.
Folklorea Ikastolako akorduak dira. Garaiko kantuak eta berbakera. Baina folklorea izan daiteke Paella Txapelketa Txosnagunean. Edo abarketa zuriak, edo tortilla kozinatzea Landakon. Folklorea izan dadila performatzera garamatzan hori. Sasi-baserritarrez jantzita, euskaldunak ez diren jakiak prestatzen edo gaupasa eginda “Aupa Durango, Dingi-Dango” kantatzea Goienkalen.
“Marijane, dantza zan, hik dakinan moduan, ororen aitzinean” dio Txosnaguneko eszenatokiko pankartak. Amari zutaz erditu zenean Oskorriren kasete hura oparitu zioten emaginek. Dantza dezagun bada, folklorearen alabok, guk dakigun eta nahi dugun bezala. Biba Marijane, Maurizia eta Pantxike! Eta biba Reder, La Fulana eta Euskoprincess!