Erabaki onak

Erabiltzailearen aurpegia Miren Erdoiza Mujika

Uda erromantizatzen ez dugunontzako erabaki onen zerrenda:

Izara garbiekin jantzi ohea. Jaso sukaldea. Etzan sofan. Jan makarroiak tomate eta txorizoagaz. Eta gaztagaz ere bai. Izozkia erosi gauerako. Jaitsi pertsianak egunez. Egin lo leihoa zabalik. Negar egin. Gogoratu iazko uda mugikorreko argazkietan. Oroitu zeinen ederra izan den udaberria. Entxufatu haizagailua. Piztu telebista eta itzali burua.

Kendu kuleroak lotarako. Edo kendu kuleroak, besterik gabe. Jantzi top hori bihar. Biluztu errekan. Eta biluztu hondartzan. Eta biluztu ohean. Biluztu zure ohean eta besteenetan. Entzun Jimena Amarillo eta Hofe. Mika, La Oreja de Van Gogh, Social Distortion, Merina Gris eta Amaral. Maio, Don Omar, Nakar, Ken7, Benito Lertxundi, Carla Morrison, Janus Lester, James Blunt, Morgan. Entzun abesti hori nahi duzun aldiro. Bozgorailutik, mugikorretik, aurikularretatik. Berriro, berriro, berriro. Deitu lagunei. Kontatu zer duzun. Atera kalera. Ibili oinez edo egin arineketan zelaian, asfaltoan, lokatzetan, haretan. 

Itxi logelako atea. Sartu mantapean. Jarri Youtubeko bideo zaharren bat. Egin igeri uretan eta marianitotan. Azeitunak eskatu tabernan. Siestak egin. Luzeak. Laburrak. Adurra darizula esnarazten zaituztenetakoak. Ausartu ilea mozten. Bazkaldu amagaz. Egin metxa modernoak. Irakurri liburu gordinak. Erreparatu Instagrameko post inozoei. Beti egongo da zu baino gehiago sufritzen duenik.

Eraman iloba parkera. Hartu bizikleta. Igo aldapak. Eman krema. Busti hankak. Afaldu oilaskoa Intxaurren eta atuna Saturraranen. Dutxatu eta igurtzi Aloe Veratan. Prestatu tupper goxo bat biharko. Edan hozkailutik atera berri duzun ura. Zaindu landareak. Kexatu behar duzunetan. Margotu ezpainak gorriz. Idatzi Anbotoko zutabea. Egin dantza txosnetan. Eta etxeko ispilu aurrean, edo igogailukoan. 

Joan hara. Bueltatu hona. Egin barre. Edo ez. Berdin dio. Baina hartu erabaki onak.

Besarkada estu bat udak infernu zaizkizuenoi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!