Begirik ez duena elbarria al da?
Pentsatzen jarri naiz. Saiatu naiz kalkulatzen, estimazio bat egiten. Ez naiz kapaza izan, ez dakit. Ez daukat akorduan noiz ibili nintzen azkenekoz oinez makulurik gabe. Memorian atzera egin nahian nabil, eta nire gorputza dakusat lurretik narrasean, lanera joan behar, eta ohetik jagitzeko ahaleginari eutsiz. Esfortzua egiten dut oroitu nadin noiz ibili nintzen azkenekoz makulurik gabe. Gogora dezaket lau hankatan ibili naizela maiz. Hankekin ezin, eta eskuek lagunduta joan naizela familia bazkarietara, kartzelara, kuadrillako afarietara, hankartetara.
Pentsatzen jarri naiz, saiatu naiz kalkulatzen, estimazio bat egiten. Ez dakit noiztik naizen ni elbarria.
Hemen pertsonek ez naute ikusten. Hemen pertsonek ez didate begiratzen. Begiratzen duenak ikus dezake soilik, eta ni, elbarria naiz, baina begiak ditut. Eta ikusten ditut pertsonak, baina pertsonak mugikorraren pantailari daude so.
Elbarria naiz memoria daukadan garai beretik. Memoria daukat oroitzeko zenbatetan esan didaten ezetz. Ez janzteko horrela, ez zaidala esan nahi dudana ulertzen, ez jateko hori, ez esateko bestea.
Makuluekin nabil oinez. Arrastaka nabilenetan eusten didate Urkiola aldeko parajeek, bizikleta itzuliek eta osteko azeitunek. Ibiltzen lagun diezadaten heldu ditut igande gauetako laztanak, maitasunetik eta zaintzatik jasotzen ditudan egun on eta gabon-ak, Igeldoko argiak. Bermatu naiz hemen nago esaten didan ororengan; nire amaren begietan, aitaren berbetan.
Begi bakoa elbarria da, eta bihotz bakoa hilda dago.
Ni bizirik nago. Bihotza igartzen dut taupadaka. Memoria badaukat, baina gauzak ahazten zaizkit. Min eman didana ahaztu dut, ez dakit zeinek utzi ninduen ezinduta. Orain makulutzat daukat begiratzen nauen oro. Ikusi nahi nauena. Metroan ez naute begiratzen pertsonek, baina nik ikus ditzaket. Begiratzen dudanetik badakit non zapaldu. Elbarria naiz eta makuluak behar ditut. Astiroago nabil orain; baina ibili, banabil.