"Saibira urteak igo barik", diotsu adiskideak. Zuk buruz dakizkizu parkingetik gurutze puntaraino dauden aldapak eta kurbak. Noiz hasten den harri txikiz osatutako pista eta noiz datozen animaliak pasatzeko ditxosozko kanadar pasabideak. Zenbaezinak dira mendi hau aitaren bizarretik igotako aldiak. Bere eskutik helduta ere makina bat aldiz igotakoa zara, eta umea izateari utzita ere, jarraitu duzu Saibigainetaz gozatzen.
Aurretik doan familiari intxaur poltsa bat jausi zaio puntara heldu orduko, eta makurtu bezain pronto, gogoratu duzu nola gurasoek kontatzen zizuten mendiaren lurretan zeuden zulotzar horiek behinola hegazkin batzuetatik jaurtitako bonbek eragindakoak zirela. Gogoratu duzu aitak aldiro errepikatzen zizuna: amama ume txiki bat zen. Zure amama imajina zenezakeen aitaren gibelean mendia igotzen, eskutik helduta, lagunekin intxaurrak jaten.
Hegazkin batzuetatik jaurtitako bonbek mendia zulatzea gehiegi zen ume baten iruditegirako, ordea.
Amamak, azken arnasa ematekotan zela, lasai hilko zela zioen, bere ilobek ez zutelako garaian berak bizitako infernua biziko. Jakin badakizu gu ziurrenik ez garela gosez hilko, eta (momentuz) ez dugula Mola bezalako sasikumerik ezagutu. Baina badakizu ere eskuin muturreko diskurtso eta jokabideek zeharkatzen gaituztela garaiotan: viva España!-ka entzun dituzu ikasleak pasabidean, migranteen eskubideen aurkako politikek albistegietako titularrak betetzen dituzte egunero. Gure amamek herriaren askatasunaren alde egin zuten borrokan. Orain, nahikoa zaigu norberaren zilborraren libertatearen aldekoak eginda.
Etorkizuna garela entzunez hazi gara, eta orain, etorkizuna baino oraina presenteago dugun adinean, amamak nola, lasai hiltzea baino gehiago, lasai bizitzea gura duzula pentsatu duzu. Ez duzu zure semea hiltzaile matxista bat izan dadin nahi, ez duzu zure bikotekideak San Mamesen marokoar bat jipoitzerik gura. Burutik pasatu ere ez zaizu egin gosez hil zaitezkeenik, baina beldurrek, desioek eta ametsek bezala, askotariko aldaerak dituzte. Eta beldur zara, noski zarena. Duela ia ehun urteko oinazeak gogorarazi dizu behinola herri honek asko sufritu zuela, eta garaian bezala antolatuta ez badago ere, faxismoa egon badagoela. Gure amamek nola, faxismoaren aurrean, konbikzioz eta indarrez armatuta egongo gara beti, ez baitago beste biderik. Aitaren bizkarretik erraldoiak ziruditen zuloek. Aitaren bizkarretik indartsua bezain goxoa zirudien amamak. Zuloak elurrez estalita daude, baina ez dira desagertu. Gure amamak ere ez. Ezin dogu ahaztu, eta ez dogu ahaztu gura.