Joan ikustera

Erabiltzailearen aurpegia Miren Erdoiza Mujika 2025ko ots. 7a, 08:30

Bi hilabete eta erdi igaro dira azken zutabea idatzi zenuenetik. Azaroan manga laburrean zindoazen lanera, eta galtzerdiak soberan zenituen udazkenak bete-betean harrapatu bagintuen ere. Espainolez kantatzen zuten taldeen festibala jarri zenuen jomugan orduan, eta ate-joka dugun 40 Minutu Rock jaialdiari gorazarre ere egin zenion.

Abadiño San Blasen anisetan itota ibili zela kontatu dizute lagunek, eta bedeinkatutako kordelak ekarri dizkizute Zaballako presoei emateko. Astebetean Ferminek “sarri-sarri” kantatuko du Plateruenan, eta zuk hamabi urte izango dituzu berriro, eta “ye,ye,ye”-ka arituko zara lagunekin, Ikastolako jaialdiko abestien errepertorioa glotisa erre arte kantatuz. Orduan gogoratuko zara Martuteneko lagunekin, manga laburrean zindoazen egun harekin, presoak saltoka eta brinkoka ikusi zenituen bideoarekin.

6 hilabete falta dira Zetak-ek Ilunbe hiru egunez konkistatzeko, eta lagunak emozionatuta esan dizu sarrerak aspaldi erosi dituela. Ahaztu zaizu ETSk noiz iragarri zuen bere 20. urteurreneko kontzerturako data, baina gogoan daukazu harritu zintuen datu bat: sarrerak lau orduan agortu ziren. Izarok maiatzaren 31n itxiko du bere bira BECen, eta aretoa gainezka egongo dela diote orain arteko salmentek; otsailaren 7a da gaur. Lanera ordu laurden lehenago sartu zara, 09:00etan Ferminen kontzerturako sarrerak erosteko. Itxaron-zerrenda birtualean 423. postuan zaudela diotsu pantailak.

Lagun batzuek asteburuan Londresera bidaia egingo dutela jakin duzu berriki. “Kontzertuek ikusi eta hurrengo egunien Durangora” da plana. Hegazkin bi hartuko dituzte, eta apartamentua AirBnBn. Eguna esnatu gabe dagoenean ateratzen zara egunero etxetik lanera joateko, eta eguzkia aspaldi desagertuta dago etxera heltzen zarenean. Ez duzu udako oporretan pentsatzeko astirik, burutik pasatu ere ez zaizu egin ezer planifikatzea oraindik. Izan ere, nahikoa daukazu hurrengo eguneko bazkaria erabakitzearekin. Oheratu zara eta lagunei mezua bidali diezu: “Erosi duaz Residenterako sarrerak. Ein bizumek”. Lagunak segituan erantzun dizu: “Noz zan?”. “Uztailak 27”, zuk.

“Martxa honetan Durangoko Jaixetako kartela urte batetik bestera ataraku”, entzun diozu albokoari.

Kamiseta termikoak erosi dituzu gaur. Etxera heldu, zapatak kendu eta artilezko galtzerdiak garbigailura sartu dituzu. Mugikorra hartu duzu berriro. Zapatuan 40 Minutu Rock Landakon. “Joan ikustera, entzutera, sentitzera, bizitzera”, diotsazu zeure buruari. 

“Eta gero gerokoak”. Hori (ere) esan diozu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!