Izan ere, itota dabil aspaldian Durango. Euskara desagertzetik bizirautetik baino hurbilago dagoen garaian, iaztik hona herriko jaietako kultur eskaintza nabarmen erdaldundu dela iragarri dute hedabideek. Horrez gain, nabaria izan da kaleari, oholtzari eta plazari zerion gizon usaina. Martxa honetan, pailazoek erdaraz eingo diote umeei, kazetariek Pachicochu idatziko dute egunkarietan, eta etxetik alkondara zuria zapi urdinarekin jantzita aterako gara guztiok, eta momentuak eskatzen duen outfitarekin irauliko dugu dena delakoa.
Igaro den zapatuan publizitate erdaldunarekin jantzitako musika festibalak konkistatu zuen herria: marketing espainola garaile, euskal kulturaren eszenan. Badirudi auzolanetik, euskaraz, emakumeon ahotsarekin eta zapalduen alde urteetan zehar antolatutako jaialdiaren mantapean edozeinek har dezakeela ostatu. Izan ere, milaka ikuslek, nagusiki espainolez kantatzen zuten gizonez betetako oholtzari begira eman zuten eguna Landako Gunean.
Aste honetan jakinarazi dute San Agustin Kultur Gunean hogeita sei urtez antzokian lanean ibili den enpresak lizitazioa galdu, eta askoz aurrekontu baxuagoarekin aurkeztutako enpresa baten esku gelditu dela etxea. Beste behin, argi gelditu da kapitalak agintzen duen garaian, langileen baldintzek, pertsonen prestakuntzak eta prestutasunak, urte luzez erakutsitako guztiak, herria eta herritarrak ezagutzeak, kulturgintzarekiko sentsibilitatea eta ardura adierazteak, ez duela ezer balio.
Gu, faxisten zakilen menpe gauden dohakabeak, diru gosez etxeak irauli eta erosten dituzten agintarien garretan harrapatuta gaudenak, Miren Gaztañaga, Nagore Aranburu, Fermin Muguruza eta Aiora Rementeriari esker epelduko gara orain. Edo agian, sugarra inoiz itzal ez dadin erreko ditugu pantailak, eszenatokiak eta bafleak. Baserrietako amamek nola, pasioz eta konbikzioz gure etxeak zainduko ditugu beti, Santa Anako Plazan, Martuteneko patioan eta zinema aretoetan. Beste guztia hondarra besterik ez da, eta gurean, garrik pizten ez duenak ez dauka lekurik.