Ia hiru orduz eduki dituzu kamiseta eta galtzerdiak uretan eta aparretan itota, buelta eta buelta metalezko danborrean. Abiadura handitzen hasi da azken minutuak heldu ahala, eta zeure burua garbigailuaren ateari begira aurkitu duzu, lurrean jesarrita, arroparen bainuari so. Ipurmasailak sukaldeko zoruaren freskuran dituzula, makina barruko aparrak nola, zeure buruak ere egin du gora, eta eskaratzetik haratago joan zaizkizu eguazten buruzuri bateko otuak.
Ikusi duzu zeure burua, parea aspaldi galduta daukan galtzerdi horren antzera, jira eta bira aurten bikinia lehenengoz janzteko momentua irudikatzen. Kamiseta arrosa horrek aspaldiko gorputza gogorarazi dizu. Sekula bueltatuko ez den hezur-haragizko (batez ere haragia) tenplua. Kolorea aspaldi galduta daukan kuleroak nola, zuk ere hamazazpi mila buelta eman dizkiozu lankidearekin izandako tira-birari, aldiro entzuten duzun abestiari, epez kanpo entregatuko duzun lanari, lagunaren bisitaren zurrunbiloari, amari eskatutako mesedeari, supermerkatuan erositako izozkiari, irakurritako azken liburuaren esaldi horri, janztera ausartzen ez zaren gonari. Zenbat aldiz pasatu da kulero gaixoa leku beretik? Zuk disgustuak gogoratu dituzun haina aldiz.
Freskuraren plazeretik hotzaren deserosotasunera igaro dira aspaldi ipurmasailak, eta burua gorputza dagoen leku berera itzultzeko garaia dela ohartu zara. Bueltatu zara beraz sukaldera, eta atearen bestaldean jada ez dago aparrik. Gustuko programa aukeratu duzu arropak mimatu guran, baina, beste behin, zeure buruaren zentrifugazio programa itzaltzen ikasi behar duzula ere gogoratu duzu, garbigailuko botoiarekin nola, eguazten buruzuri bateko okurrentzien txiribueltak ere gelditu ahal izateko.