Erdibidean zegoen Sapuetxen ikasi genuen antzerkigintza, musika eta literaturaz gain, kultura askoz gehiago ere badela, eta urte batzuk geroago, gure aurreko belaunaldikoek eraikitakoa hormigoizko hondakin bihurtuta ikusi genuen. Aldapan behera eginda, sarri bisitatzen genuen San Agustin Kultur Gunea, eta Arantzari eta Maiderri esker ikasi genuen askok antzoki bat etxe sentitzen. Atera ginen Ikastolatik, eta Sorginolaz erditu ginen, eta umeei mundu honek nola, eraitsi ziguten guri ere ametsa.
Lau eta erdiak jotzearekin batera konkistatu dugu udaletxeko plaza zenbait umek, eta ikusi dugu posta-etxea jendez lepo, eskutitzak eta paketeak bidaltzeko esperoan, amaierarik gabeko ilarak egiten. Txikiak ginela ikusi genuen nola zerion kea eraikinari; protesta egin guran Correos barruan sua egin zutela esan ziguten gurasoek, eta ikusi dugu ere nola egin garen heldu, eta nola aulki eta mahaiek irabazi duten plaza horretako gerra.
Umeek bezala, kulturak ere behar du plaza bat. Etxe bat. Umeek bezala helduok ere behar dugu nora joan, zer bisitatu. Badaukagu zer kontatu, noski; eta badugu nork entzun. Baditugu begiak, belarriak, ahoak. Badugu ahotsa, burua eta arima. Baditugu istorioak eta ametsak.
Historia errepikatu da, ordea, eta, berriro ere, neurtutako eraistea Durangon.