Azkura

Erabiltzailearen aurpegia Miren Erdoiza Mujika 2024ko ots. 16a, 08:30

Azala da gizakiok daukagun organorik handiena, zabalena eta pisutsuena. Esanahi zeintifikoari helduta, epidermisa da bizirauteko ezinbestekoak diren funtzioak betetzen dituena: organismoa kanpo-faktoreetatik babesten du, besteak beste, bakterietatik, substantzia kimikoetatik eta tenperaturatik.

Ipuir-masailak eta alua orbainez beteta dauzka lagunak, eta hilabeteak daramatza azaleko gaitzari izena jarri nahian, azala gori-gorian daukalarik. Bularraldean ezohiko erliebea jaio zaio beste lagun bati, eta erremina agoantatzeko formularik aurkitu ezinean dabil. Odolbilduek eraginda, beltzez, morez eta horiz tindatuta edukiko du aurpegialdea Billabonako 16 urteko gazteak zipaioen balaren erruz. Nola sendatzen da eraso polizial bat?

Kanpokoaz babesteko gudu-zelaia da narrua, eta etengabe egiten diote eraso. Arnasarik hartzen uzten ez digun bakeroak, ordaindu ezin ditugun ikasketek, agur esateko kapaz ez garen harremanak. Barrua garrasika ari denean zauritzen da azala. Kortisona eta antihistaminikoak agintzen dizkigute profesionalek. Zerk sendatzen ditu azalekoak ez diren minak?

Azala erotu zaigu, eta orfidalak eta kokainak ez dute laguntzen. Kanpoan hotz egiten du, eta estalkirik gabe harrapatu gaitu neguak. Azal finekoak garela errepikatzen jarraituko dute behin eta berriz. Eta guk lodierak ez duela hauskortasuna determinatzen erantzungo dugu. Errezetarik behar ez duten formulak kontsumituko ditugu, merkatu beltzean eskuratzen ez direnak: iratzargailurik gabeko igandeak; hiru minutu eta berrogei segundoko podcastak; dardaraz jositako orgasmoak; goizaldeko kebab-ak; eta begiak puztu eta barrua husten duten negarraldiak.

Azala ez ezik, mundua ere iparra galtzen ari da aspaldian, eta guk, azal fineko giza-alabok, ahal duguna egiten jarraituko dugu, behar dugun aldiro negar, barre, oihu eta hazka eginez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!