Egunkariaren konpainian armozatuko duzu gaur, ohitura zaharra ia galtzear dagoen garaiotan. Barrako izkinari begira ohartu zara eskaintza ez dela horren erakargarria ordea, eta Deia aukeratu duzu akonpainante gisa. Euskaraz errelaturik, gertakizunik zein iritzirik dakarren galdetu diozu, eta itsumustuan paratu dizu begien aurrean lehendakari jaunaren berba sorta.
Hitz potoloak dakarz Urkulluk, EAEko Langile Publikoen grebaren harira. Populista hitzarekin bete zaio ahoa agintariari. “Irudi katastrofista bat zabaldu behar dute” gehitu du, eta zenbaki askorekin bete du bere zutabea. Zuri, zenbakiekin dantzan darabilzkizu begiak, baina goizegi da horrenbeste datu jasotzeko. Izan ere, ez dizu inporta zenbat milioi (milioe, Iñigoren berbakeran) doazen hara edo hona.
Zuri, alboan ebakia eta tortilla pintxoa eskatu dituen erizainari bezala, ardura dizu orainak, baina ardura dizu etorkizunak. Ardura dizu denborak, osasunak eta bizitzak. Ardura dizu lasaitasunak eta ardura dizu atsedenak. Ardura dizu urriaren 25ak, azaroaren 30ak eta abenduaren 19ak. Eta horrek guztiak (eta bertan kabitzen ez diren beste hainbat kontuk) ardura dizulako itxi duzu egunkaria, ordaindu duzu gosaria eta atera zara kalera.
Eguzkiak epeltzen dizu bisaia orain, bisai populista, hain zuzen. Eta pentsatu duzu zure baitan, bihar bakarrik gosalduko duzula, inoren titular, zenbaki eta izenondorekin topo egin barik.