TIK-TAK

Erabiltzailearen aurpegia Miren Erdoiza Mujika 2023ko ira. 1a, 08:30

Oporretan egotea goizetan alarmarik jarri behar ez izatea dela entzun duzu sarri. “Hiru egun geratzen zaizkit oporretarako, astelehenetik aurrera gura beste egin dezaket lo”. Diotsu lagunak akiturik. Gogoratu zara maiz isilarazi duzula ditxosozko pi-pi-pi-piiii sintonia.

Mugikorrari edo iratzargailuari klik batekin agin diezaiokezu itzaltzeko. Badago, ordea, beste alarma bat: norberarena. Oporretan egonda ere, amatatzeko horren erraza ez dena, hain zuzen. 

Kapitalismoaren errobedan sartuta, bizitza atzera kontaketa bat bezala ari zara bizitzen, eta ohartu zara alarma piztu zaizula zenbait konturekin. Ispiluaren aurrean paratu zara, eta zure buruari galderak egiten dizkiozu, inoiz egingo ez zenizkiola zin egin zenuen galdera horiek berberak: zaharregia al naiz unibertsitatean matrikulatzeko? Berandu al nabil etxebizitza-plan batean sartzeko? Ama izan nahi dut? Atzerrira joatearena desira bat da ala ihesean nabil? Zenbat urte geratzen zaizkit gaupasak egiteko? Lan hau betiko da? 

Eta zeure burua zigortzen hasi zara: agian denbora gehiegi daramazu oporretan, agian ez duzu ongi ulertu oraindik bizitzaren benetako zentzua zein den, agian beste alde batera begiratuta errazago da dena. 

Jakinarazpena jaso duzu mugikorrean: kutxabanken ohartarazpena.  Zure egungo saldoa negatiboa da

Grezian egunsentia ikusteko alarma jarri duela esan dizu lagunak. Goizeko 5etan. Jakin badaki hemen ez lukeela sekula horrelakorik egingo. Baina Grezia Grezia da, noski. 

Konturatu orduko irailaren 1a da gaur, eta aktibatu duzu gailua berriz, errobedak martxan jarrai dezan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!