Haizea dabil

Erabiltzailearen aurpegia Miren Erdoiza Mujika 2023ko eka. 30a, 08:30

Nerabeak ginenean askok amesten genuen musika-talde bateko parte izatearekin. Gaztetxeetara joaten ginen kontzertuak ikustera; gu baino nagusiagoak zirenek hartzen zuten oholtza, eta guk beraiei begira igarotzen genituen orduak. Eszenatoki gainean zeudela erreparatzen genien lehenengo, eta barra inguruan ondoren. Izan ere, taulagaina ez ezik, edozein aretotan kabitzen dena betetzen zuten bandetako partaideek. 

Ez ziguten esaten, baina guk jakin bagenekien, inbidia baino, maitemina edo erakarpena sentitzen genuela uste zutela batek baino gehiagok. Orduan klasiko bat zena erreproduzitzen genbiltzala, hain zuzen: neska gazteak oholtzetako (ustezko) erregeekin larrua jo guran gindoazela emanaldietara. Beraiek ez ziguten esaten, eta gu ere ez ginen ausartzen oker zebiltzala aitortzera. Gure pizgarria ez zirela haiek, gure bandaren izena afixaren batean idatzita egotearekin amesten genuela baizik. 

Nerea Ibarzabali irakurri nion behin emakumeok* ez garela zerbaitetan apuntatzen txarto egin dezakegula uste baldin badugu. Hori gertatuko zitzaigun beharbada. Ez genuela behar bezainbeste afinatzen kantuan, edo gitarra bat jotzeko ez geneukala solfeo ezagutza nahikorik, edo bateriarekin ez ginela horrenbeste ausartzen… 

Mañariko plazako kontzertuan Ritxi gitarrista eta (nire ustez) poetak hauxe esan zuen aurreko batean: “amamak esaten zigun moduan, banderak trapuetarako baino ez dira”, eta guk haizea behar dugu eszenan; banderak, trapuak edo dena delakoak astintzeko. Eskerrak Gora Etorri, Pinpilinpussies, Laru, Hatxe, Insömnia, Irati Otadui, Piztu, Nerea Aizpurua, Irati Bilbao, Gehi Zazpi, Les Sauvages eta DJ Kuku ernaldu direla gure nerabezarotik hona. Baina ez da nahikoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!