Urak handi

Erabiltzailearen aurpegia Miren Erdoiza Mujika 2023ko mai. 19a, 08:30

Cris Lizarraga musikari, idazle eta aktibistak dio bere gorputza bigun-biguna izatea nahi duela, behar duen aldiro, desegin eta flubber bat bailitzan, berriz konposatzeko. Bere gorputz biguntxoari esker (hala izendatzen du berak) egin duela gaur negar, hartu duela loak, jan dituela gustuko zenbait jaki. Kantatu, barre egin zein hitz eta pitz aritu dela, bere gorputz biguntxoak hala laga diolako. 

Nire gorputza ere Crisenaren tankerakoa da. Bigun-biguna. Kanpotik nola, barrutik ere biguntzen zait aldiro atalen bat edo beste. Izan ere, flubber baten forma hartzen dit sarritan bihotzak; uzkurtu baino, bigundu egiten zaidalako. Aspaldian askotan likidotu zait barrena: Ibil Bediren disko berriarekin eta 20.000 especies de abejas filmarekin, esaterako. Hesteak ere desegin egin zaizkit noiz edo noiz, izenik gabeko minaren minez. Astelehenetan gelatinazko pausoak ematen ditut, lanera joan behar dudalako. Alutik nahiz begietatik isurtzen ditut ere flubberra diruditen urak.  Uda aurreko sasoi honetan urak handi badatozkit ere, itsaso bareaz nola, nire gorputz bigunaz hala gozatuko dut. 

Biguntasunak bizirik nagoela gogorarazten dit, beraz. Bizirik nago eta biguna naiz. 

Biguna naiz burua nire bularrean goxo berma dezazun, biguna naiz elkarrekin negar/lan/barre/jan/dantzatu/edan/amets egin dezagun, biguna naiz hausten naizenetan nire zatiak errazago bil ditzazun, biguna naiz ipurdia gogoz hel diezadazun. Bigun-biguna naiz Cris bezala, eta biguna naizelako behar ditut halako gorputz gehiago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!