Urteak aurrera doaz, eta helduaroa ate-joka daukadan garaian, igandeek jada ez daukate kafe usainik. Kontua galdu dut zenbat domeka arratsalde eman ditudan etxean pantailari so, inporta ez zaidan narrazioren baten menpe. Domeketan ez dago planik. Domeketan hilda gaude. Domekek usaina galdu dute.
Izan ere, asteko zazpigarren egunean, Atxondoko bidegorria nabarmen estutzen da. Hainbeste estutzen da ze, laguna eta bere nobioarentzat bakarrik dago lekua; tira, eta astelehenetik zapatura bitarte existitzen ez den baina beraiekin bizi den txakurrarentzat. Bukatu dira, beraz, paseo terapeutiko txandaleroak. Lagunaren etxeko sofa beti izan da ajearen aurkako gudu-zelaia. Orain, hogeita hamarrak parez pare ditugun honetan, lagunak burkidea laga eta burko-kidea aukeratu du. Ez dago denontzat tokirik mantapean. Janaria beti izan da plazer iturri, baina garaiotan sushi-bandejak bi pertsonarentzat prestatzen dituzte bakarrik. Asmatu duzu jada bandejak nor duen jabe, ezta? Domeketan ez da “ni”-a existitzen, “gu”-ak hartu dio testigua. Whatsappak lehenengo pertsonako pluralean idazten dizkizu lagunak: “etxien gauz”; “pasiuen goiez”; “bazkaixe deku”.
Esperantza da galtzen den azkena, hori diote behintzat. Bizitza ziklikoa dela sinisten dute batzuek, eta horretan nabil ni aspaldian. Gaztetan Alde Zaharrean hartutako kafeak ere itzuliko dira. Horren lekuko dira Ezkurdiko terrazetako (a)la(r)gunak.