Urdin

Erabiltzailearen aurpegia Miren Erdoiza Mujika 2023ko urt. 20a, 09:30

Astelehena da eta euria ari du. Tenperaturek nabarmen egin dute behera, neguko txanoa jantzi dut eta kamiseta termikoa estreinatu dut gaur. Lanera joateko prestatu naiz eta trenez abiatu naiz Bilborantz. Astea hasi da eta egunkariak titularrez bete dira. 

Ingelesez “blue” berbak bi esangura ditu: kolore urdina eta tristura. Goibeltasunez egin dut atzera errepasoa durangar gisa, urtea hala hasi baitugu. Izan ere, hamarnaka urte igaro ondoren, aurten ez daukagu Gaztetxerik, Sorginola kuttuna erauzi baitziguten iaz. Erabat maitemindu gintuen Txoria Nuen Maite tabernak ateak itxi zituen duela egun batzuk, Durangoko milaka jatun, edanzale, dantzari eta borrokalariren zorigaiztorako. Spoiler: ez da aurten itxiko den negozio bakarra izango. Urtea erailketa matxistak salatzen hasi genuen, Gorabidekoek grebara deitu dute beraien lan baldintzak hobetzeko eskari zuzena zabalduz, eta pentsiodunek 5 urte bete berri dituzte astelehenero-astelehenero udaletxeko plazan elkartuta. 

Titularrak gaur “Blue Monday” dela diost, eta jakin badakit, munduaren argazki tristeari erreparatuz gero, Durango ez dela salbuespena. Hala izendatu dute asmatzaile kapitalistek urteko hirugarren astelehena, beraz; errazagoa baita eguraldi eskasarekin, lanera joan beharrarekin zein irribar batekin erantzutearekin titietaraino gaudela esatea baino. Ez baita samurra jada kontu korrontea hustu dizutela aitortzea, hezurretan eta odolean hotz gehiegi igartzen hasi zarela kontatzea, urtea nekatuta eta haserre hasi duzula esatea. Izan daitezela besteak gure min, desio eta beharrei izenak jarriko dizkietenak. Ingelesez baldin bada, hobe. Etxera bueltatu naiz eta berogailua piztu dezakedan pribilegiatu baten gisan, ohera sartu naiz Tristuraren industriak erabat gailendu nauen honetan. Mantapean sartu naiz eta amatatu dut burua. Kanpoan hotz gehiegi egiten du eta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!