Beude

Erabiltzailearen aurpegia Miren Erdoiza Mujika 2022ko aza. 25a, 09:20

Buruz dakit elizkizun bateko eskaleta. Amama eta tiarekin joaten nintzen mezatara umetan, eta erritualaren hezurdura ondo oroitzen dut. Grabatuta dauzkat abadearen hitzartzeak eta kantuen letrak. “Eta ez gu tentaldira eroan” dio “Gure Aita” ereserkiak, eta aitortza bat egitera nator gaurkoan: (kapitalismoaren) tentazioari ezin eutsita, Gabonetako loteria erosi dut lantoki alboko kioskoan.

Kartulina zatiari so, Ama Birgina dakusat, Jesus haurra altzoan daukala, aurpegia zurbil eta begirada tristearekin. Andra Mariko altareko irudiei nola, begiratzen diet ama eta semeari, eta neure buruari galdetzen diot ea helduarora iritsi naizen espainiar estatuari (beste) 20 euro oparitu dizkiodan honetan. Gaztetxartela iraungita, estreinakoz erosi dut loteria. Sekula hitzik trukatu ez dudan lankideari whatsappa bidali diot errekadua egin diezadan, eta eskuratu dut bost zifradun tiketa.

Kristoren jaiotzarekin batera iragarriko dituz e Espainiako telebista kate publikoan irabazleen zenbakiak. Eta bizitzak aurrera egingo du, orain arte egin duen antzera. Umezarotik helduarora bidean, Elizak Gaztetxe eta antzokiengatik ordezkatu ditut. Hala ere, badirudi berauek, Jesusen antzera, hilda daudela, edo hil egin dituztela. Berpizkundea datorrela dirudi, ordea; ea ez den hiru egunetakoa izaten! Urteurrenak ospatu nahi baititut, ez Pazko Egunak.

Tentaldiak egon badaude; loteriari heldu diot oraingoan, ezinezkoa baitzait zutabe bakar batean bekatu gehiagoren errelatoa egitea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!