Atzera begiratzen dut lipar batez, eta ikus ditzaket Plateruenako argiak piztuta, orduko urriko goizaldeetako bistak apur bat lainotuta banituen ere. 2019an Antonio’s taberna kuttuna rock and rolla oparitzen zebilen oraindik. Aginako ere dakusat; garai hartan, Almusaffesetik Intxaurrera deika, gorputza han, baina bihotza eta burua hemen dituela. Sarrik Ijorretako plaza (berriz) zapaldu barik zeukan orduan, eta musukoak zirujauen uniformearen parte besterik ez ziren.
Tira, heldu da 2022ko udazkena ordea, eta bazatoz berriro ere gugana. Urteetako eskarmentua daukagu Durangon, ondo dakizu hori. Ez egin zalantzarik beraz, ondo baino hobeto prestatu baitugu dena: jantzi dugu munduko plazarik ederrena, epeldu dugu sukaldea datorren orori jaten emateko, eta antolatu ditugu askotariko ekimenak; izan, badirelako elikatzeko modu diferenteak.
800 gazte elkartuko dira Gazte Egunean, herriko ia preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan daude eta Kuir Eztanda antolatu dute karropoteo transmaribibollo eta guzti. Hitza ematen dizut beraz, indarberrituta gatozela aurten.
Aspertzeko betarik ez duzu izango, Pantxike. Zatoz gura duzunean, beso-arima-hanka-zabalik gaude zure zain eta.