Hamazazpi muxu eman dizkiet aspaldian ukitu bako ezpainei, eta josi dizkiot hamabi bandana, bi kulero eta hiru manta oraindik munduratu ez den ume bati. Ikusi ditut Lukiek, Ibil Bedi, Ezpalak, Nathy Peluso, Merina Gris, eta Iheskide. Ez, ez dut Rosalia ikusi; baina bai, Motomami bat naiz. Beste behin, furgonetan Pirietara joan den “Real Euskal Motomami” bat.
Mozkorraldiak, hartutako kiloak, manifak, ziztadak, maitemintzeak: zero. Kontu korrontea ez dut begiratu oraindik.
Min hartu dut, baina ez dakit zenbat alditan.
Turnoak Hatortxun, Txori Barroten, Lekeition… erosiko nituen hiruzpalau plastikozko edalontzi guztira, eta kontua galdu dut zenbatetan garbitu ditudan zapatilak parranda ostean.
Ireki dut instagrama milioi bat eta erdi bider, jarriko nituen hamabost bat garbigailu. Kalkulatzen dut hogei bat afari egingo nituela Intxaurren. Begiratu naiz mila eta bat aldiz ispiluaren aurrean, eta sarritan aldatu dut arropa bizpahiru bider, etxetik irten baino lehen. 28 urte bete nituen abuztuan eta birritan egin nien putz kandelei egun hartan. Bikini bi eta bainujantzi bat erosi nituen ekainean, zenbaezinak diren fruta-piezak erosi ditut baita, eta oparitu dizkidate munduko tomaterik ederrenak. Lehengusina txikiari bospasei aldiz egin diot errieta, eta hiru aldiz egin diet paella lagunei. Enteratu naiz hamarnaka txutxumutxurekin, eta ohartu naiz inoiz, denak ez direla egia izan. Ez dut lagun berririk egin, ezagutu dut jendea, baina ezin diet lagun izenez deitu.
Zutabe bat idatzi dut Anboton, eta udakoa gauzatuta, jarri naiz jada udazkenari so.