Akordatzen

Erabiltzailearen aurpegia Miren Erdoiza Mujika 2022ko eka. 24a, 09:20

Akordatzen naiz hamaika urte genituela T-k bere neba nagusiaren gelan “lesbiana naiz” esan zidanekoaz, baita M eszenatokira bularrak bendatuta igotzen ikusi nuen lehen aldiaz ere. Berri Txarrak-en “Lotsarik Gabe” kantuarekin akordatzen naiz. Akordatzen naiz Bobbi eta Francesekin, eta akordatzen naiz ere P eta bere bikotekideari duela hilabete pare bat Madrilen eman zioten jipoiarekin. Akordatzen naiz beltzez, berdez edota urdinez jantzitako uniformedun horiek ez dutela sekula inor babesten.

Akordatzen naiz “queer”, “butch” eta “trans” berbekin. Akordatzen naiz igaro den astean entzun nuela kalean mutiko bat besteari “maricón de mierda” esaten, eta akordatzen naiz 18 urterekin bi lesbiana genituela kuadrillan, eta gay-rik ez zegoela ere akordatzen naiz. Akordatu naiz orain, hamar urte geroago, aldatu direla zenbait kontu, eta baita sexuaz gozatzeko zenbait modu ere. Akordatzen naiz I eta M-rekin, eta E-ren Donostiako neska-lagunarekin, eta akordatu naiz egun J-k zakildun bikotekidea daukala. Leslie Feinberg idazleak “Marimutil Baten Bluesa” liburuan eskolako patioan bortxatu zutenekoaz idatzi zuela ere akordatzen naiz.

Akordatzen naiz Xake-k egindako “Lur” antzezlanarekin, eta barrenak krak egin zidala ere akordatzen naiz. K-k casting batean maskulinoagoa izan behar zuela agindu ziotela kontatu zidanekoaz akordatzen naiz, eta E-k egin zidan errietaz akordatzen naiz, telebistako pertsonaia bati luma asko nabaritzen zitzaiola esan nionean. Ez naiz akordatzen zenbat aldiz entzun dudan “ez esan inori”.  Akordatu naiz akordatzen naizela oraindik zenbat sekretu ibiliko ote diren hortik zehar bueltaka.

Akordatzen naiz Lotsarik Gabe nik ere maite ditudala T, M, K, E, I, M, E, P, E, Leslie, Bobbi eta Frances. Erreferente direla niretzat, Ikastolako lagunak, militantziako kideak edota telebistako pertsonaia kutunak ditudan hauek guztiak. Beraiek babesten dutela elkar, eta elkarrekin bihurtzen  direla aterpe. 

Akordatzen naiz badaudela herrian aterpearen eraikuntzan diharduten zenbait pertsona, eta hauei esker ikusi ditudala T, M, E eta beste hainbat lagun Intxaurreko plazan Durangoko Bilgune Feministak (ekainaren 28a dela medio) antolatutako ekimenetan parte hartzen. Irakurri dituztela beraien tripetatik nireak eztandarazi dituzten zenbait testu, eta Bilguneari esker eman zaiela balio politikoa oholtzari, hitzari eta bizitzari.  Akordatu zaitez zu, irakurle, ekainaren 30ean plazara hurbiltzearekin, zatoz plaza plazerez betetzera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!