Bere moduan bueltatu dira txosnak, plastikozko edalontziak, alkoholemia kontrolak, banangoa, kotxe artean txiza kleenex erdiarekin egitea, pegatinak txaketan, goizaldeko kebab-a, atea sekula ondo itxi ezin zaizkien kale-komunak, “allegau naz etxera”, Korrika Euskal Herri osoan zehar, Aberri Eguna Iruñan, edota Gazte Martxa Nafarroan barrena.
Elizondon izan ginen bi urte igaro eta gero, eta han ere ez ziren falta izan zapatila itsaskorren zarata eta tragoak erosi ahal izateko tiketak. 21:00etan Ibil Bediren kontzertua ikustera joan ginen. Punta-puntako orduan, atsedenik hartzeko beta ematen ez zuen egitarauaren barruan. Joder, zenbat behar genuen banda nafar hau. Orduan jabetu nintzen, agian, parrandako elementu asko bueltatu diren arren, zenbait kontu aldatu egin direla: nerabeak poesia kantatzen, bollerak morreatzen edota oholtzan bi neska* gazte biolina eta saxofoia jotzen. Bai, hau guztia momentu berean gertatu zen. Ohartu nintzen, orduan, badirela aldarrikatzeko hainbat modu, eta behingoz, apurtu ditugula zenbait molde. Izan ere, mezua zabal daiteke kamiseta punky bat jantzita, edo soineko marabilloso batekin oholtzara igota. Mikrofonotik presoei maite ditugula esanez, edo hildako amari kantatuz.
Eskerrak bideari; badagoelako herria eta iraultza egiteko (beste) erarik.
Maite ditut garai zaharrak eta pasioz begiratzen diot garai berriari. Bideari eskerrak, bi urteren bueltan, lagunak egun batzuetarako Martuteneko patioa utzi eta asteburuan Matienako plaza zapaldu zuelako, Ibil Bedik Elizondo irauli zuelako eta musukorik gabe plazetan morreatzen garelako.