9 urte zituela bortxatu egin zuten Ane. Komisarian haren gurasoei esan zieten hobe zela salaketarekin aurrera ez jarraitzea, ez zeukala zentzurik, erasotzailearen perfila zein zen jakinda, ezer gutxi egin zezaketela alaba babesteko. Aurretik zeukan prozesua “traumatikoegia” zela 9 urteko neskato batentzat.
Karmele Jaiok Aitaren Etxea eleberrian (Euskadi Literatura Saria, 2020) zera dio: “... garai batetik aurrera, isiltasuna aukeratu zuen”. Zalantza egin dut zenbatetan den emakumeontzat* aukera bat isiltasuna. Noiz isildu garen erabaki propioz, eta zenbatetan, ordea, hartara behartu gaituztelako. Anek jakin badaki, nahiz eta zenbait urte behar izan dituen ondorio honetara heltzeko, mututzeak, berari baino, erasotzaileari, poliziari eta sistema osoari ere egin diela mesede. Miren Agur Meaberi aditu nion joan den astean berarentzat ezinbestekoa izan dela arrimua, emakume* bezala, zeharo egonkortuta zegoen sistema heteropatriarkalean bizirauteko. Emakumezkoak* ziren idazle batzuk elkartu eta antolatu zirela beren ahotsak entzun zitezen. Uste dut bete-betean asmatu zuela berbarekin. Arrimua da bide bakarra.
Argi daukat Anek ez zuela isiltasuna aukeratu. Hamar urte igaro dira harrezkero, eta begitantzen zait gauzak ez direla askorik aldatu. Anek eta biok badakigu sistemak isilarazten gaituela, eta (berriz ere) biluztu, baina badakigu indartsu gaudela ere; antolatu garela eta elkar elikatu. Arnasa ematen dit aipatutako emakumeak* ikusteak, irakurtzeak edota entzuteak. Uxue Alberdik hau esan zuen elkarrizketa batean: “Badirudi autoritatea ematen zaigula soilik feminismoari buruz idazten badugu”. Nik ere badut irudipen hori, nolabait, badagoela emakume* sortzaileen uzta bat, non gai zehatz batzuei buruz jardunez gero ematen zaien lekua. Hala ere, esango nuke eskertzekoa dela, eta are gehiago, beharrezkoa dela plazak, argazkiak, oholtzak, afixak, pantailak, orrialdeak eta kaleak emakume* feministaz betetzea.
Isiltzea hautu bat izan dadila, eta ez dezala beste inork estali Ane eta munduko neskato guztien ahotsa.