Ba al dakizu Eider ere badabilela hemendik bueltaka? Gustura hartuko nuke kafea zurekin guk idatzitakoak konpartitzeko. Tira, ados, karajillo bat agian. Imajinatzen zaitut udaletxeko plazako terraza erraldoian, esku batekin kikarari eusten eta bestearekin zigarroa mugitzen, zupadaz zupada keak zure ahoan ostatu hartzen duen artean. Zu hil eta gero erretzeari utzi nion, baina piztuko nuke fiti parea eztabaidaren truke. Beti egiten zenidan gauza bera: kafea eta zigarroarekin lurrintzen ninduzun sortutakoari buruz solasteko.
Otsailaren 4a da gaur, lau urte bete dira hil zinenetik. Zure heriotzaren biharamunean, Goya saria jaso berritan, Enekok hau idatzi zizun: “... Txotxe, egingo dudan gauza bakoitzean eta esango dudan hitz bakoitzean entzungo zaitut” eta lehengusuari lapurtu dizkiot hitzok, ez zaidalako zu omentzeko modu hoberik okurritzen.
Entzuten zaitut antzoki batera sartzen naizenean, Mikel Laboaren kantuetan, bertso saioetan. Baita furgonetan bidaiatzerakoan, oinutsik harea zapaltzen dudanean, Logroñoko espetxean, lankideekin bazkaltzera noanean, bizikleta baten gainean jartzen naizenean, goizetako kafea usaintzen dudanean, autopistan “Elgoibar” irakurtzen dudanean eta bazkalostean (oso noizean behin) txupitoak edaten ditudanean. Kultura (beharbada, batez ere) oholtzatik haratago doan zerbait dela irakatsi zenidalako.
Bizitzari buruz idaztea erabaki dut beraz, hala egiten zenuelako zeuk ere.
Testigua hartzen dizut Txotxe, hainbestetan zure berbekin jantzi zenuen gorputza edertzen saiatuko naiz; sarritan irakurri nizun zutabearen eraikuntzan jarraituko dut (beharbada, batez ere), zutabe orok bezala eutsi ninduzulako.