Itxialdi baten kronika

Erabiltzailearen aurpegia Miren Erdoiza Mujika 2021ko abe. 17a, 18:03

Jaso duzu mezua mugikorrean: “positibo eman dut, jakin dezazun”.

Urduritasuna etorri da zure gorputzean ordutxo batzuk pasatzera, sartzen utzi diozu. Tira, sentimenduek ez dute sartzeko baimenik eskatzen. Gelditu zara etxean, piztu duzu telebista, prestatu duzu afaria. Esnatu zara goizean, deitu dizute anbulategitik: “etorri arratsaldean proba egitera”. 

Joan zara anbulategira, eta erizainak sartu dizu makiltxoa sudur zulo batean lehenik, bestean ondoren. Bueltatu zara etxera, piztu duzu telebista, prestatu duzu afaria. Jaso duzu mezua “positibo zara”. Gaixotasunek ere ez dute baimenik eskatzen gorputzetan sartzeko. 

Hasi zara kontatzen, bederatzi egun aurretik. Aurreikusi duzu armairua txukunduko duzula; komuna garbitu; hautsa kendu; izarak aldatu; liburuak irakurri; kristalak garbitu; neguko arropak atondu; yoga pixkat egin; landareak zaindu; apalategietako liburuak koloreka, gaika, autoreka, generoka, formaka ordenatu; zokaloetako zikinkeria kendu; unibertsitate garaiko apunteak bilatu, atera, irakurri, berrirakurri, gogoratu, sailkatu, berrikusi, berrantolatu; akrobaziak egiten ikasi; begetarianoak, asiatikoak, abangoardiakoak, exotikoak, glutengabeak, minimalistak diren errezetak prestatu. 

Aldatu zaizu ahotsa, bete zaizkizu sudur-zuloak mukiz, eta burua, eta belarriak. Igo zaizu tenperatura. Igaro da lehenengo eguna, bigarrena, hirugarrena eta laugarrena. Jarraitzen duzu sofan, telebistan aurrean afaltzen. 

Yogarako arnasa behar da, eta justuan har dezakezu gauez lo egiteko haina. Irakurtzeko buruak pisu handiegia dauka, eta errezetak prestatzeko usainak eta dastamenak ihes egin dizute. 

Igaro da bosgarrena, seigarrena, zazpigarrena eta zortzigarrena. Irakurri duzu pasarteren bat edo beste, pasatu duzu erratza sukaldean, eta bota diezu ura landareei. 

Bederatzigarren eguna da, eta bihar kalera irtengo zara. Epel dago kanpoaldean.

Eguzkiak ere ez du baimenik eskatzen gorputza, azala, barrua, arima berotzeko. Sendatzeko.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!