X ek min hartu du. Lagunari esan nahi dio ez dela ondo sentitzen, zerbait ez dagoela beharko lukeen tokian. “Pasatuko da” erantzungo diola badaki, beti delako gauza bera: mina dator, eta badoa.
Mina hartu egiten da? Nork jasoko luke bere borondatez mina bezalako bisitaririk? Mina datorkigula pentsatzeak laguntzen dit niri, eta edozein amarru egiteko prest gaude ahalik eta azkarren uxatzeko; gaitza bailitzan. Anarik “tristuraren industria” erabili zuen behinola, tristurak eragindako minari erremedioa jarri, eta etekina ateratzen dioten zenbait asmakizuni (ez asmatzaileei) izena jartzeko. “Pasatu dadin”, bisitariak alde egin dezan lortzeko soluzioak, hain zuzen.
X ek esan dio lagunari negar egiteko gogoa daukala. Lagunak kleenexa utzi dio, “bota dena, hobeto sentituko zara” erantzunez.
Berriki irakurri diot Oihane Amantegiri Ibaiertzeko Ipuina liburuan esaldi hau: “...ez ote dugun batzuetan bidegabe jokatzen minarekin berarekin, ez diogulako eskatzen iraun dezan iraun behar duena baino gehiago, plazerari berekoi eskatzen diogun beste.”.
Nik (ere) min hartu nuen duela hilabete batzuk. Baina ez nion pasatzen utzi, ez ditut “tristuraren industria” ko trikimailuak erabili. Gaitzerdi. Mina etorri zitzaidan, eta berak nahi duenean joan dadila esan diot, bere bisitak iraun dezala iraun behar duena, hori (ere) delako plazera.
X ek negar egin du, zopatu du mukizapia malkotan, eta ezetz asmatu zer sentitzen duen? Mina eta plazera, mina eta plazera.