Badator uztailaren 12a. Urkulluk hauteskundeak egingo zirela iragarri zuenean, urrun igartzen nuen data. Alta, ohartu orduko, berrogeita zortzi ordu baino gutxiago falta dira iganderako. Notizia iragarri, eta berehala hasi zen atzerako kontaketa, eta gaur uztailaren 10a da, eta esan dezaket, bakoitzak berea eman duen honetan, iragarpenaren aurretik ikusten nituen gauza berdinek jarraitzen dutela zirrara sortzen nigan.
Gazteok aspalditik gaude prest kapitalari aurre egiteko, faxismoa garaitu eta gure eskubideen alde borrokatzeko. Emakumeok agerian utzi dugu behin baino gehiagotan prest egon garela, eta prest gaudela, bizitzak erdigunean jarriz, feminismotik beharrezkoak diren ekarpen eta aldarriak egiteko. Ingurugiroa suntsitu eta kutsatzen duten makroproiektu hutsal eta grisen aurka agertu ginen aspaldi, alternatibak proposatzeko prest geundela adieraziz, eta urteak daramatzagu presoak etxeratzeko etengabeko borrokan.
Hala ere, honezkero ohartuko zineten ez dudala ezer berririk esan, jakin badakidalako, aurretik esan dudan legez, uztailaren 12a egutegian markatu aurretik tripak mugiarazten zizkidaten gauza berdinekin emozionatzen naizela.
Egunotan (berriz ere), prest egon dira goiz eta arratsalde megafonia pasatzeko hainbat eta hainbat herritar. Ikusi ditut eskuak pintura zuriz zikindutako lagunak, lonja txukuntze lanetan aritutakoak, hain zuzen. Madalenan, Ezkurdin edo Alde Zaharrean egon da prest karpa, eta prest dago aspalditik apoderatu eta interbentoreen zerrenda. Prest daude militante langile, konprometitu eta konpetenteak, uztailaren 12a nola, halako hurbil baitago aldaketa, eta prest behar dugu egon bozkatzera joateko. Aldean ere, etxean geratzeko izan ditugu hainbat hilabete, eta niri behintzat, eman dizkit buruak zenbait buelta, eta badakit ez nagoela prest zakilarekin agintzen dutenen eskuetan uzteko Euskal Herria, eta artaziak beti prest dituztenek ez nautela ordezkatzen.
Nigatik eta bozkatu ezin duten lagunengatik daukat prest botoa, eta zuk?