Durangoko EAJ-PNVren proiektua Gernikako osasun-zentroaren antzekoa izango da. Ospitalizaziorik gabe, proba diagnostikoak egiteko (mamografiak,...), kanpo-kontsultak artatu, etxeko ospitalizazioa erraztu, 24 orduko urgentzia potenteak izan, eta bestelako zerbitzuak eskaini eta bermatu ditzakeena. Horrek, gainera, erreferentziazko ospitalera beharrezkoak ez diren lekualdatzeak ekidingo luke.
Zentro hori irisgarria ere izango da, garraio publikoaren hurbiltasunari esker. Eta Osakidetzak jarritako baldintzak ikusita, argi dago leku egokiena Trenbideko BEPBren espazioa dela. Bertan, jasota zegoen ekipamendu-eraikin bat, baina egungo gobernu-taldeak ekipamendu hori ezabatu nahi du inork oraindik ikusi ez duen aurreakordioaren bidez. Oraindik garaiz gaudenez, eskatzen diogu udal gobernuari hobeto pentsatzeko eta aurreakordio hori bertan behera uzteko. Hori da une honetan behar duguna, Osasun-zentro berriarekin aurrera jarraitzeko. Esan diezaiogun Bai osasun-zentro berriari eta ireki dezagun ilusio handiko garai berri bat.