Bereizmen handiko osasun zentro bat nahi dugu

Osasuna da guztion kezka nagusienetakoa. Durangoko EAJ-PNVn argi dugu osasun-arretan nahitaezkoak direla segurtasuna, gertutasuna eta diagnostiko arinak egitea; horregatik, iazko maiatzean Durangon Bereizmen Handiko Osasun Zentro bat egitea proposatu genuen. Proiektua bideragarria, egingarria eta beharrezkoa da eta Trenbidearen gunean irisgarritasun ezin hobea du.

Durangoko jeltzaleok herrian dauden bi osasun zentroak handi eta modernoago batean bateratzea proposatzen dugu Durango eta eskualdeko osasun-zerbitzua handitu eta hobetzeko.

Durangoko EAJ-PNVren proiektua Gernikako osasun-zentroaren antzekoa da. Ospitalizaziorik gabe, proba diagnostikoak egin (mamografiak adb.), kanpo-kontsultak artatu, etxeko ospitalizazioa erraztu, 24 orduko urgentzia potenteak izan, eta bestelako zerbitzuak eskaini eta bermatu ditzakeena. Horrek, gainera, erreferentziazko ospitalera beharrezkoak ez diren lekualdatzeak ekidingo luke.

Gure apustua elkarlanarena da. Osasun zentro potentea eta erreferentziazko ospitaleen arteko elkarkidetzaren aldekoak gara. Gainera, osasun sailburua eta hainbat legebiltzarkide (EH Bildukoak horien artean) ere, inguruko ospitaleetara iristeko denbora kontuan izanik, Durangok halakorik behar ez duela diote.

Durangoko EH Bilduk eta Podemosek temati diraute beharrezkoa ez den ospitalea eskatzen, eta eurek proposamen zehatzik gabe zarata egiten duten bitartean, Durangoko EAJk lanean dihardugu Durangon osasun-premiak eta -arreta hobetuko duen Bereizmen Handiko Osasun Zentro bat izateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!