Olentzero eta Mari Domingi maiteak,

Jakin badakigu egunotan oso lanpetuta zabiltzatela. Gutun honetan eskatzera gatozenak helburu oso argia dauka: durangarron bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzea.

Hasteko, gure herriko benetako beharrizanak ezagutzen dituzten pertsonak nahi ditugu udal gobernuan. Egunerokoan hain beharrezkoak diren ekintza txikiak gauzatzeaz gain, epe luzera ausardiaz begiratzeko gai diren pertsonak behar ditugu. Durangorako estrategikoak izan daitezkeen proiektu bideragarrien aldeko apustua egitera ausartzen diren pertsonak. (Proiektu horien adibide gisa, Durangoko ospitalea.....)

Jarraitzeko, etorkizuna duen Durango bat nahi dugu, iraunkorra, irisgarria, kalitatezko enplegua sortzen eta mantentzen duena, gazte edota ez hain gazteei prestakuntza eskaini ahal diena, gertuko merkataritza bultzatzen duena, jarduera fisikoa eta ohitura osasungarriak sustatzen dituena... azken finean, bizi-kalitate aparteko Durango erakargarri bat nahi dugu.

Eskariekin amaitzeko, eta aipatutako guztia aurrera eramateko, hona hemen azkena: alde uztea azken legegintzaldi honetan oposizioak jasan behar izan dituen errespetu faltak, gardentasun ezak eta desinformazioak.

Durangoko EAJ-PNVn argi daukagu ezinbestekoak direla ezberdinen arteko akordioak, gardentasuna eta etengabeko elkarrizketak herritarron bizikidetza eta elkarlana sustatzeko. Horiek baitira durangarron ongizatea hobetzen ahalbidetuko duten baloreak, gureak: konpromisoa, ahalegina, irmotasuna, elkarlana eta gauzak ondo egiteko nahia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!