Gora San Fausto jaiak!

Durangon San Fausto jaiak ospatzen ari gara dagoeneko. Pandemiaren bi urteren ostean jaiak berreskuratu ditugu eta denok ilusioz eta pozez gaude.

Aurten Marisa Barrenaren eta Amparo Ereñagaren txupinazoaz eta Landako Eskolako ikasleen txupinazo txikiaz gozatzeko aukera izango dugu. Patxikotxu eta Pantxike ere ez dira faltako.

Gure tradizioez ere gozatuko dugu berriro. Horrela, gure artopilak dastatuko ditugu, eta egingo diren lehiaketa gastronomikoekin gozatzeko aukera izango dugu. Zezenak Dira bezalako tradizioak errotuta daude Durangon, eta durangar askok jarduera honetaz gozatuko dute, nahiz eta aurten zezenzaleek ezin izango duten zezen-plaza tradizionalaz gozatu, gobernu taldeak jarritako oztopoen ondorioz.

Edozelan ere, aurten ere ekintza ugari izango ditugu Durangoko jaietan, pertsona eta elkarte askoren lanari esker. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizuegu jai batzordeko kide guztiei eta Durangori bizia ematen diozuen eragile guztiei. Penaz ikusi dugu aurtengo Jai Egitarau ofizialean kirol-klubek eta beste erakunde batzuek historikoki antolatzen dituzuen jarduerak desagertu direla, antza gobernu taldeak horrela eskatuta, jai batzordetik pasatu ez direlako. Guretzat, San Fausto Jaiak denok osatzen dugu eta horregatik, jarduera guztiak ongi etorriak eta aberasgarriak direla uste dugu.

Bukatzeko, durangar guztiei opa dizuegu Sanfaustoak bakean ospatzea eta gozatzea, erasorik gabe, emakumeek, batez ere, askatasunez eta lasaitasunez goza dezaten. Azken batean, erantzukizuna, errespetua, tolerantzia eta berdintasuna nagusi diren jaiak izatea espero dugu.

Gora San Fausto jaiak!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!