‘Egiak ez ditu bi bide’

Ingurumena da egungo erronka potoloenetarikoa. Aste honetan Europako sektore eolikoak Euskadin izan du hitzordua “Wind Energy Basque country” ekitaldian. Mundu osoko zientzialariak ere ikusten ari gara klima-borrokan egiturazko aldaketak lortzen saiatzeko mugimenduan.

EAJtik ere horretan ari gara aspalditik. Beti arduratu gara ingurumenaz eta osasunaz. Durango aitzindari bihurtu genuen mugikortasun iraunkorraren eta eraginkortasun energetikoaren arloan.

Eta horretan jarraitzen dugu. Aste honetan aurkeztu dugu Durangaldeko Mankomunitateak egindako ingurumen-diagnostikoa. Bertan, lurraldearekin, biodibertsitatearekin, mugikortasunarekin, lurzoruen kutsadurarekin, eta baita ere airearen kalitatearekin lotutako adierazleak aztertu dira, besteak beste. Behin egoera aztertuta, gure ibilbide orria diseinatu dugu, udalen ekintzen bidez ingurumenarekin erlazionatutako alderdiak hobetu eta eskualde jasangarriago baterantz aurrera egiteko.

Ingurumen-alderdien artean dago airearen kalitatea ere. 2006tik airearen kalitateari buruzko 12 kanpaina burutu izan dira Durangon eta Durangaldean. Eta orain ere jakin badakigu Eusko Jaurlaritzak lanean jarraitzen duela airearen kalitatea kontrolatzeko eta hobetzeko. Baina lan egitea bezain garrantzitsua da hartu diren neurrien eta horien emaitzen berri argi eta garden ematea. Batzuk zarata ateratzen eta fokua desbideratzen saiatzen diren bitartean, guk informazio guztia era objektiboan ematea eskatzen diogu Jaurlaritzari, herritarrei irekia izango den saio publiko batean, bertan egia osoa atera dadin. Esaera zahar batek dioen bezala ‘Egiak ez ditu bi bide’. Bien bitartean, guk lanean jarraituko dugu Durangon eta Durangaldean, bai udaletik, bai Mankomunitatetik, gure esku dauden ekintzetatik gure ingurumena hobetzen jarraitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!