Orain guri dagokigu bere ondarearekin jarraitzea eta gizarteko esparru guztietan lan egiten jarraitzea, eta, gure kasuan, esparru politikoan. Horretan, Durangoko eta Durangaldeko EAJ aitzindari izan da, demokrazia hasi zenetik beti izan baititugu emakumeak erantzukizuneko karguetan, bai alkateak, bai Mankomunitateko presidenteak, eta harro gaude horretaz.
Berdintasunaren aldeko borroka luze honek, gainera, beste mugarri bat bizi izan du aste honetan bertan, Eusko Legebiltzarrak Berdintasunerako Legea erreformatu baitu. 2005ean, Euskadi erkidego aitzindari bihurtu zen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartzean, eta, orain, 17 urte geroago, berriz ere erreferentzia izan da, emakumeak babesteko esparru sendoagoa duen erreforma integral bat bultzatzean. Erreforma hori funtsezkoa izango da indarkeria genero-desberdintasunaren adierazpen nagusi gisa kokatzeko.
Hori dela eta, EAJren aurtengo leloa Gure irrintziak darrai izan da, emakumeok lanean jarraituko dugulako gizarteko esparru guztietan.