Esatetik egitera…

Duela astebete irakurri genuen aldaketa ez dela lortzen hauteskundeetako garaipen batekin edota erakundeetan gobernatzearekin bakarrik. Bada, Excusatio non petita…

Jakina, gobernura iristeaz gain, planifikatu eta kudeatu egin behar da! Baina ia legealdiaren erdian gaude, eta Udal-gobernuak iragarki handiak egin dituen arren, esandakotik gertaerara tarte handia dago. Atzoko Osoko bilkuran bertan ikusi genuen adibidea, ostalaritzari zuzendutako laguntzen eztabaidan.

Ezer baino lehen, Durangoko EAJ, COVID delakoaren erruz gaizki dauden ostalaritza, denda, enpresa txiki eta pertsonei laguntzak ematearen alde dago. Hala esan genuen iaz Durangon ekonomia suspertzeko proposamenak aurkeztu genituenean eta Ekonomia Suspertzeko Plana babestu genuenean.

Arazoa da 2020ko ekainean zalaparta handiz Plan hori onartu eta iragartzeaz gain, bete egin behar dela. Eta zain gaude.

Plan horretan iragarri zen 2020an ekonomia suspertzeko laguntzetarako 500.000 € emango zirela, baina 190.000 € baino ez ziren eman. Gainerako zenbatekoarekin beste laguntza-lerro bat aterako zela iragarri zen, baina lau hilabetera, 175.000 €-ko partida onartu da, soilik ostalaritzarako. Zergatik ez dena? Zergatik ostalaritzara bakarrik?

Eta hori ez da itxaroten gauden neurri bakarra. Zer gertatu da babes-materialen diru-laguntzekin? Eta behin ere batzartu ez den tokiko sare ekonomikoa suspertzeko mahaiarekin?

Asko izan ziren iragarritako neurriak, ez hainbeste benetan garatutakoak. Durangon, hitzetik ekintzara, tarte bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!