Baina, egia esan, pertsona gehienek prest jarraitzen dute COVIDen aurka pedalei irmoki eragiteko. Zentzu figuratuan diot, jakina, osasun-langileak edo irakasleak, besteak beste, eta oro har, pertsona gehienak egiten ari diren ahalegin handiari dagokionez.
Eta hitzez hitz ere esaten dut. Izan ere, gero eta gehiago gara eguneroko mugikortasunean pedalei eragiteko prest gaudenak. Esango nuke hori dela COVIDek ekarri duen gauza positibo bakarrenetakoa; izan ere, pandemiaren aurrean bitarteko seguruena dela frogatzeaz gain, gure osasuna, ingurumena eta ongizatea hobetzen laguntzen du.
Orain bitartekoak jarri behar ditugu bizikletan ibiltzea gero eta errazagoa eta seguruagoa izan dadin. Bidegorrien sarea amaitu behar dugu, seinaleak hobetu, bizikletentzako aparkaleku kopurua handitu, eta, jakina, pertsonei informazioa eta prestakuntza eman, oinezkoen, txirrindularien eta gainerako ibilgailuen arteko bizikidetza egokia ziurtatzeko. EAJ Durangotik lan egingo dugu Durangon bizikletaz ibiltzea gero eta errazagoa izan dadin eta COVIDen aurka elkarrekin pedalei ematen jarrai dezagun. Izan ere, pertsonentzat osasungarria izateaz gain, bizikletak tokiko merkataritzarentzat eta ekonomiarentzat ere osasungarriak direla frogatu da, hori baita gure helburu nagusietako bat.