Urtez aldatu behar genuen itxaropenari eta nolabaiteko ilusioari bide emateko, COVID amesgaizto luzearen amaierara hurbiltzen gaituen txertoaren etorrerak eraginda. Amesgaizto horrek balantze beldurgarria utzi deusku. OMEk emandako azken datuen arabera, 89,6 milioi koronabirus kasu baino gehiago dagoz eta 1,9 milioi pertsona baino gehiago hil dira mundu osoan. Etxera hurbiltzen bagara, zifrak ere ez dira batere lasaigarriak; izan ere, Euskadin 100.000 kasu positibo baino gehiago doguz eta 3.000 pertsona hil dira.
Horrela, txertoaren etorrera ilusio halo bat da, guztiok irrikaz espero doguna. Hurbilago dago amesgaizto honen amaiera. Zaintzen jarraitzeaz gain, gogor lan egin behar dogu ekonomia suspertzeko, enplegua berreskuratzeko eta azken urteetan lortu doguzan ongizate-mailak lehen bai lehen berreskuratzeko.
Helburu horrekin negoziatu dauz EAJ-PNVk Durangoko Udalaren aurrekontuak, oposizio eraikitzaile eta arduratsu batetik. Negoziaketa bidetik, merkataritza, turismoa eta mugikortasun jasangarria bultzatzera bideratutako partida garrantzitsuak sartzeaz gain, Durangoko bizitza sozial eta ekonomikoaren bihotza izan behar den Merkatu-plaza birgaitzeko konpromiso irmoa ere lortu dogu.
Orain, 2021. urte berri honetan, gogor lan egingo dogu partida horiek behar bezala gauza daitezan. COVID txertoak gure osasuna babestera lagunduko dauan moduan, EAJ Durango udal taldetik bultzatuko doguzan ekintzak ere gure ongizatea, enplegua eta ekonomia babestera eta bultzatzera zuzendu gura doguzalako.