Ta memorian

Aste honetan hainbat gai eta pertsona ekarri doguz gogora. Horien artean, Gurutzi Arregi Durangoko alaba adoptiboa izendatu dogu. Emakume ekintzailea eta adoretsua. Bizi izandako garaian emakume izanik lortutakoa, gainera.

Euskal kulturak altxor bat galdu dau Gurutziren joanaz. Beste hainbat eta hainbat pertsonak moduan, gaztetatik agertu eban ohitura eta tradizioekiko zaletasuna. Gerediaga kultur elkartea eta Durangoko Azoka dira testigu. Baita Aita Barandiaran edo Ander Manterolagaz, beste batzuen artean, landutako obrak be.

“Nondik gatozen jakin behar dogu nora goazen jakiteko” eta Gurutzik gure arbasoekin harremanetan jarten gaituzten leiho batzuk zabaldu euskuzan. Izan be, atzera begiratzea garrantzitsua da aurrera jarraitzeko.

Gizartea eta euskal kulturarekiko konpromisoa ez da kontu hutsala. Bizitzak ertz asko daukaz, egoera ugari, kezkak, injustiziak… Ta memorian, zure eskuzabaltasuna, Gurutzi. Zuen eskuzabaltasuna, hamaika pertsonaren hauspo. Eskuzabaltasunean hezitako norbanakoak bere helmugak ondasun komunaren barnean ezartzen dauzalako, herri baten baitan.

Memoria dogu gure herriaren balio handienetakoa. Atzokoa gogoan, alkar topatuz, gaur jarrai dagigula biharkoa begirunez eraikitzen.

Hurbileko begirada honekin, zugandik eta beste hainbesterengandik ikasteko dogun borondatearekin, gure herriko kulturan barriro alkar topa dagigun, Gurutzi!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!