Borondate politikoa

Azken urteotan, Durangon hamaika aldiz entzun dugu dena borondate politikoaren kontua zela.

Zergak izoztea, ludoteka bat irekitzea, Pinondo Etxea konpontzea, Mikeldi idoloa berreskuratzea, PERIa geldiaraztea, edo pentsiodunei 1.080 euroko pentsioak bermatzea, borondate politikoaren kontua baino ez ziren.

Baina badirudi zerbait aldatu dela Durangon. Izan ere, lehen borondate politiko ezagatik zena, magiaz bezala, arazo tekniko, juridiko edota ekonomiko bihurtu da.

Ikus dezagun adibide erraz bat. 2016an, gaur egun Durangon gobernatzen dutenek jo ta ke ibili ziren IBIaren igoeraren aurka. Eta zer egin dute gobernura iritsi eta zergak izozteko aukera izan duten bezain pronto? IBIa igo.

Bai, harrigarria bada ere, tasak eta zergak izoztu dituzten inguruko gainerako udalerriek egin dutenaren aurka, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak irizpidea aldatu dute, eta alde bakarrez eta inori entzun gabe erabaki dute IBIa igotzea Durangoko etxebizitzei, merkataritza-lokalei eta enpresei. Esan digutenez, irizpide tekniko eta ekonomiko hutsari jarraituz.

Suposatzen dugu gobernu-talde honek agindutako jarduera ugari ez abiaraztera eraman duen irizpide bera dela, hala nola ludoteka irekitzea, San Agustineko ospitale zaharra zentro soziokultural bihurtzea edo Pinondo Etxea birmoldatzea. Edo, okerragoa dena, durangarrek oso positibotzat jotzen dituzten hainbat zerbitzu nabarmen murriztea. Hala nola Andraguneko ahalduntze-ikastaroak, Durango Kirolak programatutako kirol-jarduerak, pintura, trikitixa, pandero, alboka, gitarra... ikastaroak eta beste hainbat jarduera murriztu dira, COVID eta irizpide tekniko-ekonomikoa aitzakiatzat hartuta.

Bakarrik espero dugu gobernu talde honek laster borondate politikoa berreskuratzea, Durango eta durangarrak atzean gera ez gaitezen. Borondate onez danok irabaziko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!