Normaltasun barria

Azken egunetan, behin eta berriro entzun dot "normaltasun barria"-z berba egiten, eta neure buruari galdetu deutsot zer izango ote dan. "Normaltasuna" baina "barria". Bueno, ba barria bada, diseinatzeko unean gagoz, ezta? Orain arte gertatutakoaz ikasi eta marraztu daigun alkarregaz gure normaltasun barria izango dana.

Goizean Durangotik korrika egiten, nire normaltasun barri ideala imajinatu dot. Oinezkook eta bizikletok kaleak irabazten doguz. Espaloiak zabalagoak dira. Kotxe oso gutxi ikusten da Durango erditik eta oso astiro doaz. Bizikletan goazen ume, emakume, adineko eta pertsona guztiak segurtasunez gabiltza.

Erosketak egitera goazenean, oinez eta herriko denda txikietan noski, auzokideekin eta ezagunekin topo egiten dogu eta  alkarri zelan gauden galdetzeko aukera gehiago daukagu. Durangoko udaltzainak ere oinez eta bizikletan doaz, jendea kaletik agurtu eta euren beharrizanei erantzuten deutseen bitartean.

Durangoren xarmaz, merkataritzaz eta bizitzaz disfrutatzen dogu, pasiatzen, kirola edo erosketak egiten, kafe bat hartzen, oinez edo bizikletagaz, zaratarik eta jendetzarik barik.

Seguraski aurten ez dogu ekitaldi handirik izango eta ez gara oporretan urrin joango. Agian ez dogu behar... Agian, beste gauza bat tokatzen da. Agian, familiaz, benetako lagunez, bertoko merkataritza eta ostalaritzaz, gauza txikiez, kalitatezko denboraz, hurbiltasunaz, musikaz, irakurtzeaz, etxeko berotasunaz eta bizitzaz beste modu baten gozatzeko sasoia heldu jaku, normaltasun barrian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!