Hainbat izaten dira Berdeago Azokan entzun daitezkeen hitzaldiak eta ezagutu daitezkeen proiektu berriak. Energia berriztagarriak, bioekonomia zirkularra, energia aurrezpenerako irtenbideak, elikadura kontziente eta berritzailea, turismo iraunkorrerako ereduak, produktu ekologikoak eta beste hamaika ekimen interesgarri aurkitu ditzakegu bertan.
Urtetik urtera, bi asteburuz berdeago bihurtzen gara Durangon. Eta zer gehiago?
Erakundeetatik eta enpresetatik ahalegin handia egin da eta egiten jarraitu behar da.
Durangori dagokionez, azken urteotan udalak apustu handia egin izan du bidegorrien sarean. Bestalde, Durangoko Udalak CONAMA saria jaso zuen 2018an. Proiektua energia berriztagarriak eraikin publiko zein bizilekuetan integratzean zetzan, eta honekin, eraikin publikoek “nodo energetiko” lez jokatuz, sortutako energia zerbitzuak inguruko beste eraikin batzuei banatzean.
Zer egingo du gobernu taldeak 2020an? Ba, adibide bat aipatuko dut. EAJk egindako emendakina alde batera utzi eta aurrekontuetan bidegorri berriak edota daudenak berritzeko dirurik ez du esleitu. Eta horrela, dirurik gabe, ez dago bidegorri sarerik amaitzerik.
Ziur nago, denok kontzientzia apurtxo bat gehiago hartzen badugu, berdeago izatea lortuko dugula. Beraz, izan gaitezen denok berdeago, biziago eta zoriontsuago.