Durangoko kaleetan zehar ibiltzea izugarri gustatzen jatan. Eskaparateak ikusi, gabonetako apaingarriak aukeratu, Exquisitan turroiak erosi, makarroiak Bartolon, merkatu plazan arraina enkargatu, liburu berriren bat aukeratu Ochoanean, eta horrekin, irrifartsu eta poltsaz kargatuta, berriro autobusez etxera bueltatzea sekulako plana izaten zan.
Orain be herriko kaleetatik paseatzea, bertoko merkataritzaz, jendeaz eta bizitzaz gozatzea zoragarria iruditzen jat. Tokiko merkataritza herri baten bihotza da. Inoiz galdu beharko ez gendukeen altxorra. Baina aurten, aspaldiko ariketa berdina egitean, eta Durangon hainbat denda itxita ikustean, gure bihotza makal dagoela somatu dot eta horrek tristura ekartzeaz gainera, hausnarketara eroan nau.
Durangoko dendek izen-abizenak dabez. Amaia, Iñaki, Agurne, Edu, Aintzane, Koro, Fausto, Nerea eta beste hamaika, beti dagoz guri atenditzeko prest. Goizero pertsiana igotzen dabe euren produkturik onenak eskaintzeko eta ondo jatorkuna gomendatzeko. Izan be, betidanik ezagutzen gaitue eta ondo dakie zer komeni eta gustatzen jakun.
Hau holan izanda, itzi daiguzan alde batera interneten preziorik onena bilatzearen erosotasuna edo pisuagaz ibiltzearen alferra, eta egin daiguzan erosketak bertoko dendetan. Gure aldetik, EAJ taldetik, honetan ahalegina egiteaz gainera, udalari hainbat proposamen egin dautsaguz Durangoko merkataritza bultzatzeko. Danon altxorra da, danon artean zaindu behar doguna.