Taldearen garrantzia

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Aranguren 2014ko uzt. 18a, 08:30

Brasilgo Munduko Kopa amaitu da, eta selekzioei euren errendimendua aztertzea dagokie. Sailkapenean postu onena lortu dutenen artean, joko estilo desberdinak ikusi ditugu, eta baita taldea kudeatzeko era desberdinak ere.


Brasilek bere izarrekiko menpekotasuna duela erakutsi du. Izarren bat bai lesioagatik, bai zigorrengatik falta izan denean, erraz hartu dute mendean selekzio hau.
Argentina talde lanaren eta Messiren bikaintasunaren menpe egon da, eta une garrantzitsuenean beraien izarra ez denez jokoan agertu, ez dute golik egitea lortu.
Holanda Brasilen eta Argentinaren joko estiloa nahasten dituen selekzio bat da. Hala ere, hauen jokaeran pisu handiagoa dauka taldearen garrantziak defentsa eta eraso lanean, jokalari bakoitzak bere rola zein den argi eta garbi dakielako.
Bukatzeko, Munduko Koparen irabazlea daukagu, Alemania. Selekzio honen oinarria taldea norberaren indibidualtasunaren gainetik dagoela da. Ez du axola nork jokatzen duen, bakoitzak bere lana oso ondo betetzen du, eta garaipena taldearena da.
Argentinari buruz hitz egitea, Messiri buruz hitz egitea da. Alemaniari buruz mintzatzea, ordea, talde osoari buruz mintzatzea da. Hau izan da Alemaniak bere armarriaren gainean izar berri bat lortzea eragin duena, nork bere rola beteta, oso talde indartsua dela erakutsita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!