Ondarea

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2021ko mai. 14a, 08:24

Ondarea zaintzea oso garrantzitsua izan da Herriaren Eskubidearentzat 2014an sortu zenetik. Urte hauetan hainbatetan borrokatu behar izan da Durangoko ondare artistiko-historikoa mantentzeko. Batzuetan aldeko emaitzekin eta aurkakoekin bestetan, baina borroka beti zentzu berean izan da: ondarearen aldeko apustu garbia.

2017an, esaterako, Durangoko tren geltoki zaharra behera ez botatzeko ahalegin handiak egin ziren bai kaleetan eta baita udaletik ere. Herriaren azken mendeko historiari hain hertsiki loturiko eraikina izanik, hainbeste durangarren bizitzan garrantzia izan zuen geltokia mantendu eta biziberritzeko eskaera andana egin zen. Azkenean, zoritxarrez, bota egin zuten eta gure herriko historiaren zati handi bat haizeak eraman zuen.

2019an gobernura heldu ginenean, URAk Arripausuetako pasabidea, presa eta Deabruaren Zubia botatzeko baimena emana zion enpresa eraikitzaile bati. Are gehiago, aurreko gobernu taldeak eraisketa baimentzeko dokumentuak prest zituela ikusi genuen. Urte bi hauetan, etengabeko lana egin da beste irtenbide bat bilatzeko. Azkenean lortu den konponbideak ez du jende guztia pozik utziko, kontziente gara horrekin, baina, horrela, zubia beste alde batera eramanez eta presaren zati bat mantenduz, ez dira babestu beharreko elementu hauek guztiz galduko. Orain ezer egin ezean, aldiz, urte gutxiren buruan hiru elementuak desagertuko dira.

Erabaki guztiak ez daude gure esku, baina gure esku dagoen guztia egingo dugu ondarea mantendu eta zaintzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!