Duela 4 urte, aldiz, arazoarekiko jarrera aldaketa gertatu zen. Kutsaduraren inguruko kezka handitu ahala, Herriaren Eskubideak airearen kalitate sareak zituen akatsak eta kutsadurak eragindako kalte larriak salatu zituen udalean. Orduko agintarien erantzun faltak konponbidea eskatzen zuen herritarren plataformaren sorrera ekarri zuen.
2017ko salaketa horren ondoren ere bide beretik ekin dio Herriaren Eskubideak erakunde, hedabide zein sare sozialetan. Helburua, beti, biztanleria kutsaduraren aurka babestea izan da. Beste adibide batzuen artean, 2018an Durangoko Udalean eta Eusko Jaurlaritzan airearen kalitatea aztertu eta kontrolatzeko mozioak aurkeztu zituen Elkarrekin-Podemosekin batera. Onartuak izan ziren moziook, EAJk eta PSEk babestu ez arren.
2020ko irailean, Tecnaliari esleituriko usain txarren ikerketaren emaitzek azaleratutako bentzeno emisio oso altuak ikusirik, udaletik neurriak adosteko bilera eskatu zitzaion Eusko Jaurlaritzari eta, orain, 2021ean kutsaduraren aurkako babesa eskainiko duen protokoloa exijituko zaio Ingurumen Sailari. Berea baita eskumena.
HE-EP-I taldean argi daukagu egin beharrekoa. Kutsaduraren aurkako borrokan jarraituko dugu. Ez da onargarria hain larria den arazo baten aurrean beste aldera begiratzea eta Durango horregatik ezaguna izaten jarraitzea.