Legearen arabera, 15.000€-tik beherako zerbitzu-kontratuek ez dute lehiaketa publikorik eskatzen. Kontratazioaren beharra justifikatzea da derrigorrezkoa, ez zein enpresari ematen zaion. Gauzak horrela, erakunde askotan enpresa beretsuei ematen zaizkie kontratu txikiak etengabe, lagunak direlako edo ezkutuko interesak daudelako, batek jakin. Legez kanpokoa ez izateak ez du esan nahi etikoa zuzena denik.
Honek badu zerikusirik publikoa denaren gaineko ikuspuntuarekin. Agintea izateak edozer egiteko boterea dutelako sentsazioa ematen die askori. Ez dira kontziente herritarren ordezkari soil izendatu dituztela eta, beraz, denonak diren baliabideen aldi baterako zaindari. Erakundeek kudeatzen duten diruari ahalik eta erabilerarik zuzenena eman behar diote. Hori izan behar da zerbitzu publikoko bokazioa duen edonoren helburua. Ez da zilegi hortik ezta milimetro bat ere urruntzea.
Honegatik guztiagatik, Herriaren Eskubideak helburu zehatza ezarri dio bere buruari: edozein zerbitzu kontratatu aurretik 3 aurrekontu eskatzea. Ohitura hori alor eta sail guztietan finkatzea da nahia. Prezio-kalitate harremanik onena duena hautatzea, herriko negozioei lehentasuna emanez beti. Durangokoa Durangon eta durangar guztiontzat.